Étienne Polverel

Étienne Polverel
Bizitza
JaiotzaBrive-la-Gaillarde, 1740
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis, 1795eko apirilaren 6a (56/57 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
gaskoia
Jarduerak
Jarduerakabokatua, politikaria eta autorea
KidetzaQ72187547 Itzuli

Étienne Polverel (1740 – 1795eko apirilaren 6a) bearnes abokatu eta iraultzaile izan zen. Sendi aristokratako semea eta bertan hazia, Bearnoko sindiko bilakatu zen, eta gero Nafarroako Estatu Nagusiek kontratatu zuten beren sindiko (ordezkari) izan zedin.

1789an Parisera deitutako Estatu Nagusien batzar erabakigarrian, Nafarroako Erresumaren berezitasuna eta estatus bereizia aldeztu zuen eta, geroago, Santo Domingoko uharteko esklaboen askapena agindu zuen, eta haiei berdintasun politikoa eman.

Nafarroako Estatu Nagusien sindikoa

Gehiago jakiteko, irakurri: «Foruen amaiera Ipar Euskal Herrian»
Polverelek ondutako Tableau..., Parisen defendatua

Nafarroan ospe handiko jurista zen neurrian, 1784an, Bertrand Dominique Joachim de Logras Olhontzeko markesaren mandatuz, Mémoire à consulter et consultation sur le franc-aleu du Royaume de Navarre idatzi zuen. Lan horren eta bere jardueraren indarrez, aitoren semeen artean toki bat aitortu zitzaion, Nafarroa Behereko historia osoan oinordetzaz eskuratu ez den kasu bakarra.[1]

Nafarroako Estatu Nagusiek 1789an Parisera deitutako Estatu Nagusietarako kontratatu zuten Polverel. Bertan, Nafarroaren subiranotasuna defendatu zuen, baita Frantziako Erresumaren eskubide berdinak eta independenteak zituela ere. Horretarako txosten luze eta umo bat prestatu zuen Nafarroaren ezaugarri historikoez, Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre et de ses rapports avec la France deitua.[2]


« Ez dugu epaiketarik nahi frantsesez, gure jendeak ez baitira mintzaira horretan elekatzen, epaiketa horiek euskaraz egitea nahi dugu, hura baita nafarren hizkuntza. »

—E. Polverel, 1789


Urte horretan bertan, posizio iraultzaileenen presiopean, Luis Frantziako eta Nafarroako erregeak "frantziarren errege" izena hartu zuen trukean. Nafar ordezkariek (Frantxistegi tartean), hori entzunik, batzarrean ez parte hartzea erabaki zuten, haiek frantziarrak ez zirelakoan. Polverelek, orduan, defendatu zuen Nafarroak estatu independente bat osatzea beste aukerarik ez zuela.[3]

Esklabotza deuseztatzearen alde

Sonthonaxek eta Polverelek Hispaniolan argitaratutako aldarrikapena (kreoleraz)

Nafar foruak, bereziki, eta Ipar Euskal Herrikoak, oro har, bertan behera utzi ondoren, Polverel Parisen geratu zen, eta jakobinoen taldeko kide bihurtu. Bertan, esklabotza legez kanporatzearen alde nabarmendu zen.[2] 1792an, apirilaren 4an onartutako beltzen eta zurien eskubide berdinen legea ezartzera bidali zuten Hispaniolara Leger Felicite Sonthonaxekin batera. Bertako elite zuriek ez zuten onartu, are gutxiago esklaboek Kolonietako Batzarrean tokirik izatea, eta gogor egin zioten.

1795ean, Frantziara deitu zuten atzera eta, bertan, zenbaiten etsaigoa irabazirik baitzeukan, tartean kolono zurien metropoliko kideena, Osasun Publikoko Batzordearen aurrean salatua izan zen. Apirilean hil zen gaixorik, haren gaineko epaia atera baino lehen; auzibide berean, Sonthonaxek kasua irabazi zuen.

Erreferentziak

  1. Martinez de Muniain, E.V. 1993, 183. or.
  2. a b Agirreazkuenaga, Joseba. 2016, 71. or.
  3. Bolinaga, Iñigo. 2012, 60-61. or.

Bibliografia

  • Bolinaga, I. 2012: La alternativa Garat. El proyecto napoleónico de crear un estado vasco, Donostia, Txertoa. ISBN 978-84-7148-530-4
  • Agirreazkuenaga, J. 2016: Vascos con historia, Donostia, Txertoa. ISBN 978-84-7148-575-5

  • Martínez de Muniain, Emilio Valerio. (1993). La historia de Navarra de 1445 a 1814; Entre la tradición y la modernidad. Donostia: Txertoa ISBN 84-7148-281-9..

Ikus, gainera

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q3296729
  • Commonscat Multimedia: Étienne Polverel / Q3296729

  • Wd Datuak: Q3296729
  • Commonscat Multimedia: Étienne Polverel / Q3296729