Arango haranaren banaketa administratiboa

Arango haranaren banaketa administratiboa bi ikuspuntutatik eratuta dago. Biek arlo desberdinei dagokien onarpen ofiziala dute.

Estatuaren ikuspuntutik

Arango udalerriak.

Espainiar estatuan, Frantziako Iraultzaren ostean garatutako departamenduen ereduari jarraituz, lurralde osoan uniformizazio administratiboa bilatu zen. Zentzu horretan Arango haranak ez du erreferentzialtasunik, beste bi maila direlako nagusi:

  • Probintzia: Lleidakoaren barruan kokatu zuten eta ez zitzaion inolako berezitasunik aitortu. Katalunian autonomia bultzatu zenetik ere estatuak probintziak mantentzearen alde jo du, alderdi katalanen partetik probintziak desagertarazi eta lurraldea Vegueria delako egituran oinarritzeko proposamena egin duten arren.
  • Udalerriak: estatuko beste edozein lekutan bezala probintziak udalerritan banatu ziren, tokiko berezitasun geopolitikoak kontuan hartu gabe. 1834tik aurrera sortutako udalerrien arteko fusioak ere egon izan dira; estatuak fusio batzuk 1857ko erroldarako egin zituzten eta beste batzuk 1970eko hamarkadaren hasierarako. Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakien bidez udalerrietako izen ofizial bakarrak okzitanierazkoak dira; Generalitateak ez ditu katalanezko formen erabilera bultzatu eta oso ohikoa da katalanezko hedabideetan okzitanierazko formak erabiltzea[1][2]; katalanezko wikipediak ere hala egiten du. Aldiz, batzuetan estatuaren menpeko zenbait egiturak -eta espainierazko wikipediak- espainierazko toponimoak erabiltzen segitzen dute[3].

Hauexek dira haraneko udalerriak, beren izen ofizialak eta suertatutako fusioak:

  1. Arres.
  2. Bausen.
  3. Es Bòrdes: 1842ko erroldan "Benòs, Begòs e es Bòrdes" deitua, 1857rako Arró anexionatu zuen.
  4. Bossòst.
  5. Canejan.
  6. Les.
  7. Naut Aran: Arties (1857rako Garòs anexionatu zuena)[4], Bagergue, Gessa, Salardú (1857rako Unha anexionatua)[5] eta Tredòs udalerrien arteko fusioaren bidez sortuta.
  8. Vielha e Mijaran: Arròs e Vila (1857 eta 1877 artean bi udalerri izan zirenak)[6], Betlan (1857rako Aubèrt, Mont eta Montcorbau anexionatu zituena) , Escunhau (1857rako Betren anexionatua)[7], Gausac (1857rako Casau anexionatua)[8], Vielha eta Vilac (1857rako Artiga anexionatua) udalerrien arteko fusioaren bidez sortuta[9].
  9. Vilamòs.

Estatu osoan bezala, udalerriak udal hauteskundeetarako lurralde unitateak dira; Senaturako eta Kongresurako Arango biztanleen botoak Lleidako probintziako gainontzekoekin batera kontatzen dira. Horrez gain, hautesbarrutiak aldatzeko eta veguerietan oinarritzeko proposamenak oraindik onartu ez direnez, Kataluniako Parlamenturako hautesbarrutia ere probintzia da.

Okzitania eta Kataluniaren ikuspuntutik

  • Arango terçons kolorez udalerrietako mugen gainetik.
    Arango terçons kolorez udalerrietako mugen gainetik.
  • Aran Okzitanian kokatuta.
    Aran Okzitanian kokatuta.
  • Aran Kataluniako eskualdeen artean.
  • Vegueria proposatuak; Aran kanpo geratzen da.
    Vegueria proposatuak; Aran kanpo geratzen da.

Okzitaniaren berezko banaketa, kanpotik ezarritako banaketa administratiboekin talkan beste hainbeste herritan ere gertatzen den ber gisan parçan edo eskualdea da. Horietako bat Arango harana da, arrazoi askorengatik nortasun handikoa dena. Espainiar estatuko autonomien garapenarekin Kataluniaren menpean egoteak errealitate hori onartzeko izugarri erraztu du; Kataluniaren banaketa naturala ere baliokidea den comarca da eta onarpen instituzionala eman zitzaion. Hori dela eta Arango haranak bere eskualdeko kontseilua du, Conselh Generau d'Aran (Arango Kontseilu Orokorra); lurraldearen ezaugarriengatik eskualde katalanek baino aitortza eta botere handiagoak ditu.

Harana oso ondo zehaztutako unitate geografiko, kultural, historiko eta soziala izanik, barneko azpibanaketa izan du: terçon izenekoa. 1313ko Querimòniarekin eratu ziren eta 1834ko probintzien sorrerarekin desagerrarazi zituzten. Hala ere, bertakoentzat beti izan da nortasun elementua eta 1990ean Arango Kontseilu Orokorra (13 kontseilari) aukeratzeko hautesbarrutia izateko onartu zituzten ofizialki. Historian zehar terçon kopurua aldatuz joan bada ere (hasieran hiru izan ziren, horregatik izena), gaur egun 6 dira. Hauexek dira terçons, zein udalerri ofiziali dagokien, zein herri dauden bakoitzean (udalerria terçon batean baino gehiagotan banatuta badago) eta Arango Kontseilu Orokorrerako hauteskundeetan zenbat kontseilari hautatzen duen bakoitzak:

Terçon Udalerriak Herriak Kontseilariak
Quate Lòcs Bossòst, Les, Canejan, Bausen   3
Irissa (Lairissa) Vilamòs, Arres, es Bòrdes   1
Marcatosa Vielha e Mijaran (zatia) Vilac, Aubèrt, Betlan, Mont, Montcorbau, Arròs, Vila 1
Castièro Vielha e Mijaran (zatia) Escunhau, Casarilh, Betren, Vielha, Gausac, Casau 4
Arties e Garòs Naut Aran (zatia) Arties, Garòs 2
Pujòlo Naut Aran (zatia) Tredòs, Bagergue, Salardú, Unha, Gessa 2

Kataluniako berezko banaketa eta lurralde antolakuntza hobea garatzeko eta -estatuak onartuz gero- probintziak ordezkatzeko proposatu diren vegueriak (zenbait comarca bilduko lituzketenak) direla eta Arango harana eztabaida iturri izan da. Lehen proposamenean, haranaren biztanleria txikiaren arabera Alt Pirineuren barruan kokatu zuten; Arango biztanle eta ordezkari politikoen desadostasuna erabatekoa izan zen, horrela lurralde okzitaniarraren nortasuna ahulduko zela irizten baitzioten. Azkenean Generalitateak Arango harana proposatutako (eta oraindik ofizialki onartu ez diren) veguerietatik kanpo utzi du, behin-behinean aipatu vegueriaren barruan egon eta horrek bere funtzioak Arango Kontseilu Orokorrean delegatuko duela aurreikusten den arren; kontseiluak Kataluniarekin berdinen arteko harreman izango lukeen "Lurralde Entitate Autonomoa" bihurtzeko proposamena egin du[10][11].

Erreferentziak

  1. Vielha El Punt eta Vilaweben.
  2. Vielha Avui egunkarian.
  3. Viella[Betiko hautsitako esteka] estatuko idazkaritza orokor baten ebaspenean.
  4. Arties INEren webgunean.
  5. Salardú INEn.
  6. Arròs e Vila INEren webgunean.
  7. Escunhau INEn.
  8. Gausac INEn.
  9. Okzitanierazko toponimoak erabiltzen dira, 1970eko hamarkadan espainierazkoak ofizialak izan arren.
  10. Eth Sindic rebotge totaument era inclusion d’Aran en ua vegueria Kontseilu Orokorraren webgunean.
  11. El Govern accepta excloure la Vall d'Aran de la llei de vegueries[Betiko hautsitako esteka] La malla webgunean.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • (Katalanez) (Gaztelaniaz) (Okzitanieraz) Arango Kontseilu Orokorraren webgunea.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q12253824
  • Wd Datuak: Q12253824
  • i
  • e
  • a
Arango banaketa administratiboak
Terçons
Arties e Garòs  • Castièro  • Irissa  • Marcatosa  • Pujòlo  • Quate Lòcs
Arango bandera
Udalerriak
Arres  • Bausen  • Bossòst  • es Bòrdes  • Canejan  • Les  • Naut Aran  • Vielha e Mijaran  • Vilamòs
Okzitaniako udalerrien zerrendak

departamenduak osorik Okzitanian: Proventza Garaiko Alpeak · Alpe Garaiak · Itsas Alpeak · Ariège · Aude · Aveyron · Rodanoren Ahoak · Cantal · Corrèze · Creuse · Gard · Garona Garaia · Gers · Hérault · Landak · Loira Garaia · Lot · Lot eta Garona · Lozère · Puy-de-Dôme · Pirinio Garaiak · Tarn · Tarn eta Garona · Var · Vaucluse · Vienne Garaia ·

departamenduko zati bat Okzitanian: Allier · Ardèche · Charente · Cher · Dordoina · Drôme · Gironda · Indre · Isère · Loira · Pirinio Atlantikoak (Bearno) · Ekialdeko Pirinioak (Fenolhedés) · Vienne ·

Beste lurralde batzuk: Arango harana · Okzitaniako haranak · Monako · Euskal Herriko udalerri okzitanieradunak ·