Danobat

Danobat S. Coop
Danobatek Elgoibarren dituen instalazioak
MotaKooperatiba
SektoreaMakina-tresna
Sorrera1954
EgoitzaElgoibar, Gipuzkoa
 EH
Webguneahttps://www.danobat.com/


Danobat Elgoibarko (Gipuzkoa) kooperatiba bat da, eta makina-tresnak egiten dihardu, batez ere, artezteko makinak eta tornuak fabrikatzen. Danobat MONDRAGON Corporationeko kidea da, 65 urteko ibilbidea du doitasun handiko artezgailuak eta tornuak garatzen, eta diru-sarreren % 8 eta % 10 artean inbertitzen du berrikuntzan.

Europako makina-erreminten ekoizle nagusietako bat da, 600 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu eta 130 milioi euro inguruko fakturazioa izaten du urtean; horietatik % 90 nazioarteko merkatuetatik dator.

Gipuzkoako Elgoibar langile herrian eratu zen, 1954an, baina gaur egun enpresak mundu osoan dituen hainbat ordezkaritzatan banatuta ditu langileak.[1]

Danobat izena euskarazko bi hitzen kontrakzioa da, danok (mendebaldeko euskalkietako forma; euskara batuan, denak) eta bat hitzena, zehazki. Beraz, «denak bat» esanahia du.

Langile guztiak dira, denak baldintza beretan, jabegoaren gordailuzainak, eta pertsona bakoitzak boto bat dauka Batzar Nagusian. Danobateko gobernu organoak (Kontseilu Errektorea eta Batzar Nagusia) bazkide langileez osatuta daude, beraz, enpresaren erabakietan eta kudeaketan parte hartzen dute. Lau urtean behin berritzen da organo horien osaera.

Historia

  • 1954: Danobat jaio zen, kanpoaldeak artezteko produktu gero eta hobe eta lehiakorrago bat garatzeko asmoarekin.[2]
  • 1956: Construcciones Mecánicas Eguzki eratu zen.
  • 1962: Acme-Deva enpresa eratu zen.
  • 1969: Danobat, Eguzki eta Acme-Deva enpresek bat egin zuten eta Danobat S. Coop. izena hartu zuten.
  • 1983: Grupo Debako Taldea eratu zen, Danobat, Soraluce, Goiti eta Txurtxil enpresen artean.
  • 1992: Danobatgroup eratu zen, sektoreko talde estrategiko gisa, Debako Taldeari jarraipena emateko, eta Mondragon Korporazio Kooperatiboaren barruan sartu zen, industri dibisioaren barruan, zehazki.
  • 1992-1997: Danobatgroupek bulego komertzial eta zerbitzu bulego berriak ezarri zituen Txinan, Alemanian, Frantzian, Japonian, Italian, AEBetan eta Brasilen.
  • 2002: Alemaniako Overbek konpainia[3] erosi zen.
  • 2003: Ingalaterrako Newall konpainia erosi zen.
  • 2008: Danobat eta Lealde kooperatibek bat egin zuten.
  • 2011: Danobat eta Estarta Rectificadora kooperatibek[4] bat egin zuten.
  • 2012: Danobat Railway Systems eta Dano-Rail kooperatibek bat egin zuten.[5]
  • 2013: Danobat Railway Systems Danobaten barruan txertatu zen.
  • 2014: Danobat eta Amerikako Marathon enpresaren arteko joint ventureren hasiera.
  • 2015: Danobatek Plantool OY enpresa erosi zuen.
  • 2019: Danobatek Herbehereetako Hembrug Machine Tools erosi zuen

Ingurumenaren kudeaketa

Ihoberen eta Invemaren babesarekin, 2001ean ISO Talde bat eratu zen Danobat Taldeko eta MCCko beste enpresa batzuekin eta 2002ko maiatzean ISO 14000 arauaren araberako ziurtagiria eskuratu zen. Urte berean Danobatek EMAS erregistroan inskribatze lortu zuen. 2003ko maiatzean AENORek egin zituen ikuskaritzetan aldeko emaitza eman zuten, eta 2003ko urrian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak EMAS[6] erregistroa onartu zion.

Instalazioak

Nazioartekotzea ezaugarri garrantzitsua da, izan ere, Espainian, Alemanian, Herbehereetan, Italian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan ekoizpen-plantak eta zerbitzu-zentroak ditu, baita 40 herrialde hartzen dituen salmenta- eta zerbitzu-sare garrantzitsu bat ere.

Erreferentziak

  1. http://cincodias.com/cincodias/2013/12/18/empresas/1387394686_573526.html
  2. http://www.interempresas.net/MetalMecanica/Articulos/10289-Danobat-en-los-origenes-de-la-maquina-herramienta-vasca.html
  3. https://web.archive.org/web/20160312145311/http://www.mondragon-corporation.com/danobat-adquiere-la-empresa-alemana-overbeck/
  4. https://web.archive.org/web/20160315063222/http://noticias.lainformacion.com/economia-negocios-y-finanzas/actividad-accionaria/la-cooperativa-estarta-se-integra-en-danobat-para-incrementar-su-capacidad-competitiva_8CMA3A0e0CEMIzTyvMuP71/
  5. http://www.jusap.ejgv.euskadi.eus/r47-bopvapps/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2012002176
  6. https://web.archive.org/web/20160312150250/http://www.mondragon-corporation.com/danobat-consigue-el-registro-europeo-emas-de-gestion-y-auditoria-medioambiental/

Kanpo estekak

  • DANOBAT. Webgune ofiziala
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q22979278
  • Wd Datuak: Q22979278