Klima aldaketaren kausak

Gaur egun gizarteak aurre egin behar dion erronka nagusienetako eta konplexuenetakoa da klima aldaketa. Hain zuzen ere, klima aldaketaren kausak aztertuko dira, non hauek alderdi askotakoak izan daitezkeen. Sarrera honek, klima aldaketaren arrazoi edo kauen ikuspegi orokorra emango du. Gainera, arrazoi hauek ulertzeren garrantzia nabarmenduko da, klima aldaketari eraginkortasunez heltzeko eta ingurumenean eta gizartean dituen inpaktuak arintzeko.

Sarrera

Zer da klima aldaketa?

Klima aldaketa kontzeptua definitzeko hainbat iturri ezberdin aipatuko dira jarraian, izan ere, modu ezberdin askotara azal baitaiteke zer den klima aldaketa.

Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenaren (CMNUCC) arabera, “klima aldaketa zuzenean edo zeharka egozten zaio giza jarduerari, munduko atmosferaren osaera aldatzen du, eta konparagarri diren denbora tarteetan zehar behatutako klimaren aldagarritasun naturalari gehitzen zaio”. [1]

Klima aldaketari buruz hitz egiten dugunean, bi kontzeptu nagusi bereizi behar ditugu; batetik, “klima aldaketa” eta bestetik “klima aldakortasuna”. Klima aldaketa, atmosferaren osaera gizakiaren jarduerek aldatzen dutenean gertatzen da, eta klima aldakortasuna ordean, arrazoi naturalekin lotuta dagoenean gertatzen da. Gaur egun, aldiz, gizakion jarduerek eta natura sistemek elkarri eragiten diote, eta aldaketa ekartzen dute, non, “klima aldaketa antropogenikoa” deitzen zaion gizakiok eragindako klima aldaketari. [1] Klima aldaketa tenperaturen eta klima ereduen epe luzeko aldaketei dagokie. Esan bezala, aldaketa horiek naturalak izan daitezke, eguzki jardueran izandako aldaketengatik edo sumendien erupzio handiengatik, esate baterako. Baina, XIX. mendetik, giza jarduerak izan dira klima aldaketaren eragile nagusia, batez ere, ikatza, petrolioa eta gasa bezalako erregai fosilak erre direlako. [2]

Beste definizio bat emateko, Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Adituen Taldearen bosgarren txostenaren definizioari helduko diogu, non ondorengoa dioten; klima aldaketa klimaren egoeraren aldaketa da, batez besteko balioaren aldaketetan edo haren propietateetan aldakortasunean identifika daitekeena, denbora tarte luzeetan irauten duena, gehienetan hamar urtekoetan edo aldi luzeagoetan. [3]

Gaiaren garrantzia. Testuingurua

Klima aldaketaren gaia oso garrantzitsua da gaur egungo gizartean, izan ere, klima aldaketak eragina izan dezake gure osasunean, elikagaiak landatzeko gaitasunean, etxebizitzan, segurtasunean eta lanean.

Gutako batzuk, jada ahulagoak gara klima inpaktuen aurrean, hala nola, uharteetako nazio txikietan eta garapen bidean dauden beste herrialde batzuetan bizi diren pertsonak. Zenbait baldintzatan, hala nola, itsas mailaren igoeran eta ur gaziaren intrusioan, komunitate osoak birkokatu behar izan dira, eta lehorte luzeek gosete arriskua sortzen ari dira. Etorkizunean “errefuxiatu klimatikoen” kopurua handitzea aurreikusten da. [2]

Izan erek, klima aldaketa gizarteak XXI. mendean aurre egin behar dion erronkarik premiazkoenetako bat da. Honen garrantzia ekosistema naturaletan, ekonomia globalean, elikagaien segurtasunean, gizakien osasunean eta gizarte egonkortasunean izan dezakeen inpaktu suntsitzailean datza. Hona hemen klima aldaketa gaur egungo garrantzi handiko gaia izateko arrazoi batzuk: [2]

Eragina ekosistemetan

Klima aldaketa, klima ereduak aldatzen ari da, eta horrek eragina du lehorreko eta uretako ekosistemetan. Aldaketa horiek biodibertsitatea galtzea, espezieak desagertzea, habitat naturalak degradatzea eta ziklo naturalak aldatzea eragin dezake.

Ondorioak ekonomia globalean

Klima aldaketak ondorio esanguratsuak izan ditzake ekonomia globalean. Muturreko fenomeno klimatikoek, hala nola, lehorteek, uholdeek eta ekaitz gogorrek, azpiegitura kaltetu dezakete, nekazaritza eta abeltzaintza produkzioari eragin diezaiokete eta galera ekonomiko handiak eragin ditzakete.

Elikagaien segurtasuna

Aldakortasun klimatikoak eta muturreko gertaera klimatikoek eragina izan dezakete elikagaien ekoizpenean eta baliabide hidrikoen eskuragarritasunean, eta horrek mundu osoko milioika pertsonen elikadura segurtasuna mehatxatzen du.

Giza osasuna

Klima aldaketak zuzeneko eta zeharkako eraginak izan ditzake giza osasunean. Adibidez, bektoreek (dengeak eta malariak, esaterako) transmititutako gaixotasunen intzidentzia areagotu dezake, eta airearen kutsadurak eragindako arnasketa arazoak areagotu.

Egonkortasun soziala eta migrazioa

Klima aldaketaren eraginek baliabide naturalen gaineko presioa areagotu dezakete eta baliabide horiek eskuratzeko gatazkak eragin ditzakete. Horrek lagundu dezake behartutako migrazioan, gizarte ezegonkortasunean eta eskualdeetako gatazketan.

Kausa naturalak

Historikoki eragina izan duten kausa naturalak

Historian zehar hainbat kausa natural izan dira eta dira aldaketa klimatikoaren jatorrietako batzuk. Kausa naturaltzat hartzen dira giza jarduerak sortzen ez dituenak, eta horien artean honako hauek dira ezagunenak: [4]

Lurraren orbitaren aldakuntzak

Klima aldaketan eragiten duen faktore nagusi bat Lurraren mugimendua da. Lurraren errotazio eta translazio mugimenduak ez dira konstanteak, denboraldi luzeetan aldatzen baitira. Horrek aldaketak eragiten ditu kliman, sartzen den eguzki erradiazioaren urtaro eta latitude banaketan gertatzen diren aldaketen ondorioz. [4]

Eguzki aldakortasuna

Eguzkia izar aldakorra da, eta hark igorritako energia aldatu egiten da denborarekin. Bere eragina argia da; eguzkitik jasotako energia handitzeak lurraren atmosfera sisteman berotzea eragiten du, eta energia gutxitzeak aldiz, hoztea. Klima ereduen emaitzek adierazten dutenez, sartzen den energiaren %2-ko hazkundeak karbono dioxidoa denbora kopuru berean bikoiztearen klima aldaketa bera eragin beharko luke, baina, azpimarratu behar da eguzki energia tropikoetan kontzentratzen den bitartean, berotegi efektuak eragin handiagoa izango lukeela altuetan latitude baxuetan baino. Eguzki erradiazioa handitu egiten bada etorkizunean, azken 50 urteetan gertatu den bezala, orduan berotegi efektua indartuko da, bestela, arindu egin daiteke. [4]

Plaken tektonika

Kontinenteak etengabe birkokatzen ari dira, mugimendu oso geldoekin ekuatorera, poloetara edo beste norabide batera hurbiltzen edo urruntzen, eta honen ondorioz, kliman aldaketa motelak gertatzen ari dira. [4]

Jarduera bolkanikoa

Atmosferaren islatzeko gaitasuna aldatzen du eta Lurraren azalerara iristen den eguzki erradiazioa murrizten du. Jarduera bolkanikoa nahikoa handia bada, errauts eta gas kutsatzaile ugari pila daitezke atmosferan, eta denbora luzez egon daitezke, azalerara iristen den eguzki erradiazioa motelduz eta klimaren portaeran dagozkion aldaketak eraginez. [4]

Kausa naturalen ondorioak

Klima aldaketaren arrazoi naturalei buruzko ondorioak funtsezkoak dira Lurraren historian zehar klimak izan duen konplexutasuna eta bilakaera ulertzeko. Onartzen da prozesu naturalek zeregin garrantzitsua izan dutela klima aldaketan.

Garrantzitsua da kontuan hartzea klima aldaketaren arrazoi naturalek mugak dituztela azken garaietan kliman ikusitako aldaketak azaltzeko gaitasunari dagokionez. Garrantzi historikoa izan arren, ikerketa zientifikoek adierazten dute giza jarduerek bultzatutako kausa antropogenikoek nabarmen laguntzen diotela egungo klima aldaketari, non hauek aurrerago azalduko diren.

Klima aldaketaren arrazoi naturalak ulertzeak azpimarratzen du beharrezkoa dela geologia eta ingurumen testuingurua kontuan hartzea iraganeko eta oraingo klima ereduen ebaluazioan.

Laburbilduz, klima aldaketaren arrazoi naturalek oinarri garrantzitsua ematen dute Lurraren historia klimatikoa ulertzeko, baina, era berean, klima aldaketaren arrazoi antropologikoei heltzeko premia nabarmentzen dute, etorkizunean izango dituen inpaktuak arintzeko.

Kausa antropogenikoak

Eragina duten giza jokabideak

Erregai fosilak (ikatza, petrolioa eta gasa) dira, alde handiarekin, munduko klima aldaketari gehien eragiten diotenak; izan ere, berotegi efektuko gasen munduko isurketen %75 baino gehiago dira, eta karbono dioxidoaren emisio guztien ia %90.

Berotegi efektuko gasen emisioek Lurra estaltzen duten heinean, eguzkiaren beroa harrapatzen dute, eta horrek berotze globala eta klima aldaketa eragiten ditu. Mundua beste edozein momentutan baino azkarrago berotzen ari da. Denborarekin, tenperaturarik beroenak, klima ereduak eta naturaren oreka normala aldatzen ari dira. Horrek arrisku asko dakarzkie gizakiei eta Lurreko beste bizimodu guztiei. [5]

Beraz, jarraian, kausa antropogeniko garrantzienetarikoak aipatu eta azalduko dira:

Energia sortzea

Erregai fosilen bidez elektrizitatea eta beroa sortzeak isuri global ugari eragiten ditu. Elektrizitate gehiena ikatzaren edo gasaren errekuntzarekin sortzen da oraindik, eta horrek karbono dioxidoa eta oxido nitrosoa sortzen ditu. Berotegi efektuko gas indartsuak dira, planeta estaltzen dutenak eta eguzkitik datorren beroa harrapatzen dutenak. Maila globalean, elektrizitatearen laurdena baino gehiago energia berriztagarri eoliko eta eguzki iturrietatik dator, eta erregai fosilek ez bezala, gas edo kutsatzaile gutxi edo ezer ez dute isurtzen airean. [5]

Fabrikazio produktuak

Industriak eta lantegiek isuriak sortzen dituzte, gehienak zementua, burdina, altzairua, osagai elektronikoak, arropa eta beste ondasun batzuk fabrikatzeko energia sortzeko erregai fosilak erretzearen ondorioz. Meatzaritzak eta beste industria prozesu batzuek ere gasak sortzen dituzte, eraikuntzaren sektoreak bezala. Ikatzaren, petrolioaren edo gasaren bidez eta material batzuekin (plastikoak, adibidez) egindako fabrikazio prozesuetan erabiltzen diren makinak erregai fosiletatik eratorritako substantzia kimikoz osatuta daude. Manufaktura industria da mundu mailan berotegi efektuko gasen emisioan gehien kutsatzen duenetako bat. [5]

Basoen mozketa

Basoak mozteak, etxaldeak edo larreak sortzeko, edo beste arrazoi batzuengatik, isurketak eragitek ditu, zuhaitzak mozten direnean horiek biltegiratzen aritu diren karbonoa askatzen baita. Urtero 12 milioi hektarea baso inguru suntsitzen dira. Basoek karbono dioxidoa xurgatzen dutenez, haren suntsipenak naturak isuri horiek atmosferatik kanpo mantentzeko duen gaitasuna ere mugatzen du. Deforestazioak, nekazaritzarekin eta lurzoruen erabileran izandako beste aldaketa batzuekin batera, berotegi efektuko gasen isurketen laurdena eragiten du, gutxi gorabehera. [5]

Garraioaren erabilera

Kamioi, itsasontzi eta aireontzi gehienek erregai fosilekin funtzionatzen dute. Horren ondorioz, garraioa da berotegi efektuko gasak sortzen gehien kolaboratzen duen sektoreetako bat, bereziki karbono dioxidoaren emisioei dagokienez. Lehorreko ibilgailuak dira erantzule gehienak, petroliotik eratorritako produktuen errekuntzaren ondorioz, hala nola, gasolina, barne errekuntzako motorretan. Hala ere, itsasontzietatik eta aireontzietatik datozen isuriek gora egiten jarraitzen dute. Garraioak maila globaleko energiarekin lotutako karbono dioxidoaren isurketen laurden baten ardura du. Eta joera da datozen urteetan ere energia gehiago erabiltzen jarraitzea garraiorako. [5]

Elikagaien ekoizpena

Elikagaien ekoizpenak metano, karbono dioxido eta berotegi efektuko beste gas batzuen isuriak eragiten ditu, hainbat modutan. Horien artean sartzen dira nekazaritza eta artzaintzarako lurren deforestazioa eta luberritzea, ganaduaren elikadura, ongarrien ekoizpena eta erabilera eta laboreetarako erabilitako ongarria, baita arrantza ontziek funtzionarazten duten energiaren erabilera ere, normalean erregai fosilekin. Horren guztiaren ondorioz, elikagaien ekoizpena da klima aldaketan gehien eragiten duten sektoreetako bat. Gainera, berotegi efektuko emisioak ontziratzetik eta elikagaien banaketatik ere badatoz. [5]

Energia eraikinetan

Oro har, bai bizitzeko eraikinek baita merkataritzakoek ere, elektrizitate osoaren erdia baino gehiago kontsumitzen dute. Berokuntza eta klimatizazio sistemetarako ikatza, hidrokarburoak eta gas naturala erabiltzen jarraitzen dutenez, berotegi efektuko gas ugari isurtzen dituzte. Berokuntza eta klimatizazio sistemen eskari gero eta handiagoa dagoenez, eta aire girotuko eta kontsumo elektrikoko aparatuak gero eta gehiago erosten direnez, energiarekin lotutako karbono dioxidoaren emisioak areagotu egin dira. [5]

Gehiegizko kontsumoa

Etxea, energia nola erabiltzen den, nola garraiatzen den gizakia, zer jaten duen, zer botatzen duen… honek guztiak eragina du berotegi efektuko gasen isurketan. Gauza bera gertatzen da arropa, gailu elektronikoak eta plastikoaz egindako produktuen kontsumoarekin. Berotegi efektuko gasen isurketen ehuneko handi bat etxe partikularrei lotuta dago. Izan ere, gure bizimoduak eragin handia du planetan. Aberatsenek dute erantzukizun handiena, hala nola, aberastasun handien duen munduko biztanleriaren %1-ak, oro har, biztanleria pobreenaren %50-ak baino gehiago kutsatzen baitu. [5]

Kausa antropogenikoen ondorioak

Klima aldaketaren kausa antropogenikoei buruzko ondorioak esanguratsuak dira, eta ondorio garrantzitsuak dauzka gizarte eta ingurumenarentzat. Ebidentzia zientifikoak nabarmen babesten du giza jarduerek, bereziki erregai fosilak erretzeak, basoen mozketak eta nekazaritza intentsiboak, azken hamarkadetan ikusitako klima aldaketaren kausa nagusiak direla.

Berotegi efektuko gasen emisioa, hala nola, karbono dioxidoa ( CO 2 {\displaystyle {\ce {CO2}}} ), metanoa ( CH 4 {\displaystyle {\ce {CH4}}} ) eta oxido nitrosoa ( N 2 O {\displaystyle {\ce {N2O}}} ), energia sortzeko, industriarako eta garraiorako erregai fosilak erretzetik eta nekazaritza jardueretatik eratorriak dira. Gas hauek kontzentrazioa handitzen ari da atmosfera, eta honek berotze globala areagotzen du.

Basoen mozketei eta ekosistema naturalen aldaketei dagokienez, baso biomasan biltegiratutako CO 2 {\displaystyle {\ce {CO2}}} kantitate handiak askatzen dituzte. Basoek eta beste baliabide natural batzuek atmosferako karbonoa xurgatzeko duten gaitasun murrizten ari da, honen ondorioz.

Klima aldaketaren arrazoi antropogenikoei buruzko ondorioek, premiazko neurri esanguratsuak hartu behar direla azpimarratzen dute, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima aldaketaren inpaktuak arintzeko. Hauetako batzuk dira energia iturri berriztagarrietarako trantsizioa, nekazaritza praktika iraunkorrak sustatzea, ekosistema naturalak kontserbatzea eta klima aldaketaren inpaktu saihestezinei aurre egiteko egokitzapen politikak eta neurriak ezartzea.

Laburbilduz, klima aldaketaren arrazoi antropogenikoei buruzko ondorioek azpimarratzen dute gizarteak erantzukizuna duela berotze globalean eta klima aldaketan, eta premiazkoa dela neurri kolektiboak hartzea erronka global horri aurre egiteko eta planetaren etorkizuna eta etorkizuneko belaunaldiak babesteko.

Klima aldaketaren kausak arintzeko neurriak

Errealitatea ondorengoa da, eta klima aldaketari buruzko Gobernuen arteko Adituen Taldeak argi eta garbi dio mendez mende agertuko direla klima aldaketaren alde asko eta hari lotutako inpaktuak, baita negutegi gasen isurketak eteten badira ere. Baina, diotenaren arabera, oraindik garaiz omen gaude hondamendi handiagoak saihesteko, taldeak egiaztatzen duenez. Honetarako, Nazio Batuen Erakundeak bi motatako neurriak gomendatzen ditu; alde batetik, osagarriak (aldaketa arintzekoak) eta bestetik, premiazkoak (hari egokitzekoak). [1]

Esaterako, atmosferan pilatutako negutegi gasen efektuak murrizten saiatzea, hori litzateke aldaketa arintzea. Honetarako hainbat proposamen sinatu zituzten herrialde askok Kiotoko Protokoloan, izan ere, arazo globala da aldaketa klimatikoa. Bertan, ondorengo neurriak agertzen dira; errekin fosilen ordez energia berriztagarriak jartzea, efizientzia energetikoa areagotzea, garraiobide iraunkorrak erabiltzea, etxebizitza eta eraikin efizienteagoak eraikitzea, deforestazioa eten eta basoak lehengoratzea, nekazaritza teknika intentsiboen ordez teknika iraunkorrak jartzea, kontsumo eredu iraunkorraren alde egitea…

Neurri batzuk sakonago aztertuko dira jarraian: [6]

Metano emisioak murriztea

Gas honen emisioa murrizteak berotze globalaren gradu erdia baino gehiago murriztu lezake. Hau murrizteko modu errazenetako bat erregai fosilen eragiketetan honek ihes egitea ekiditea da. Hala ere, horrelako eragitek dauden herrialde gehienek ez dute horretarako interesik. Adibidez, Errusia eta Estatu Batuak. Gauzak horrela, 2021etik ia ehun herrialdek sinatutako Metanoaren Konpromisoa gorabehera, metano emisioek gora egiten jarraitzen dute. [6]

Baso mozketak gelditzea

Baso tropikalak deforestatuta dauden bakoitzean, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen eta harrapatzen duten eremu naturala ere galtzen dira. Horrela, gero eta gertuago gaude esaterako, Amazonia eta Kongo karbono dioxidoaren xurgatzaile izatetik isurtzen duten iturriak izan daitezen. Munduan geratzen diren basoak biodibertsitaterako ezinbesteko lekuak dira, beraz, horiek zaintzeaz gain, gure planetako birikak bizirik mantentzen ditu, eta funtsezkoa da espezieen hondamen galera geldiarazteko eta bertan bizi diren komunitate indigenen bizilekua kontserbatzeko. [6]

Lur degradatuak leheneratzea eta nekazaritzarako erabiltzea saihestea

Asko dira karbonoa xurgatzeko funtsezko zerbitzua eskaintzen duten ekosistemak, baina, arriskuan ere badaude. Horregatik, natura eta klima aldi berean babesteko lehengoratu egin behar dira. Batzuk aipatzearren, hezeguneek eta zohikaztegiek karbono kantitate handiak gordetzen dituzte. Haientzako etengabeko mehatxua nekazaritzaren aurrerapena da. Ozeanoetan, manglareak eta itsas belarreko belardiak, karbono gordetzen dutenak eta itsasoaren eta ekaitzen goranzko mailen inpaktuak murrizten lagun dezaketenak, suntsitu egin dira. Ozeanoak karbonoa xurgatzeko eta biltzeko gaitasuna galtzen ari dira, gero eta tenperatura altuagoak dituztela ikusita. Adibidez, gehiegizko arrantza gelditzeak eta itsas ekosistema naturalak birsortzea ahalbidetzeak ozeanoetako karbono ziklo naturalaren zati bat leheneratuko luke. [6]

Nekazaritza eta jaten dugun modua aldatzea

Ikusi nahi ez dutenak egon arren, ezinezkoa izango da munduko biztanleria hazkorra elikatzea egungo elikadura sistemak erabiliz. Albiste ona da landare gehiago batzen dituen eta haragia eta esnekiak murrizten dituen dieta batera aldatuz aurrerapen handia egiten ari dela. Bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat, hain zuzen ere, ongarriek oxido nitrosoa askatzen dutela, berotegi efektuko gas indartsua. Horregatik da hain garrantzitsua agroekologiaren eta doitasunezko nekazaritzaren aurrerapena, elikagaiak ekoizteko modu organiko eta natural moduan. Azkenik, elikagaien hondakinak murriztea funtsezkoa izango da, mundu mailan giza kontsumorako ekoitzitako elikagai guztien herena alferrik galtzen baita. [6]

Eguzki energia eta energia eolikoa

Energia berriztagarriak, haize eta eguzki energia buru dutela, erregai fosilak baino merkeagoak dira mundu osoan. Ildo horretan, IPCC-k aurkitu zuen eguzki energia, energia eolikoa eta lurrak nekazaritza bihurtzea direla berotegi efektuko gasen emisio globalak murrizteko potentzial handiena duten hiru neurriak. [6]

Eraginkortasun energetikoa

Energiaren Nazioarteko Agentziak jakin zuen energia modu eraginkorrean erabiltzea dela, berotegi efektuko gasen zero isuri garbiak lortzen gehien lagun dezakeen neurria. Garraioa energia eraginkortasunaren funtsezko beste pieza bat da, eta jauzia eman lezake, nahiz eta errealitatean gobernuak ez diren gai horri erantzuten ari. Horren aurrean, azpimarratzekoa da garraio publikoko sistema eraginkorragoak dituztenez ekonomia bultzatzen dela, airearen kutsadura murrizten dela eta berotegi efektuko gasen emisioak erortzen direla. [6]

Ikatza erretzeari uztea.

Ikatza aldatu eta gasa jartzea, energia iturri gisa, izan ere, neurri honek beste neurri askok baino gehiago murriztu ditzake munduko isurketak. Hala ere, Txina, India eta Australia bezalako herrialdeak ez daude ikatza ez erabiltzearen oso alde. [6]

Klima erabaki guztien erdigunean jartzea

Historikoki, ingurumen ministerioak ekonomia eta ekoizpen ministerioren menpe egon dira. Baina, testuinguruari dagokionez, hori ez da jasangarria. Izan ere, IPCC-k eskatu zuen klima gobernu politika guztien eta negozio erabaki guztien erdigunean egotea. Ekintza klimatikoa gobernuko sail guztien erabakietan eta enpresen zuzendaritza mailan txertatzen bada, beharrezko aldaketa asko lortu ahal izango dira. [6]

Erreferentziak

  1. a b c Klima aldaketa. Gida azkarra kazetarientzat.. Bilbo: Eusko Jaurlaritza.
  2. a b c (Gaztelaniaz) «¿Qué es el cambio climático? | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  3. (Gaztelaniaz) «Cambio Climático - ¿Qué es el cambio climático?» www.caib.es (Govern Illes Balears) (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  4. a b c d e (Gaztelaniaz) «Causas naturales del cambio climático» www.cambioclimatico.org (Cambio Climático .org) 2015-07-12 ISBN 0-2230-2573-1. (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  5. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) «Causas y efectos del cambio climático | Naciones Unidas» United Nations (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).
  6. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Castro, Meri. (2023). «8 medidas urgentes que el mundo debe tomar para evitar lo peor del cambio climático» Fundación Greenpeace Argentina (Greenpeace) (Noiz kontsultatua: 2024-03-12).

Kanpo estekak

Gai honi buruzko informazio gehiago lor dezakezu Scholian
  • https://www.euskadi.eus/informazioa/eskolako-agenda-21-jasangarritasunerako-hezi/web01-a2inghez/eu/ (Agenda 21)
  • https://www.climate.gov/maps-data/data-snapshots/tempanomaly-monthly-nnvl-2019-12-00?theme=Temperature (mapa)
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q4383471
  • Wd Datuak: Q4383471


  • i
  • e
  • a
Ikuspegi orokorra
Kausak
Ikuspegi orokorra
  • Klima aldaketaren kausak
  • Karbono dioxidoa Lurraren atmosferan
  • Muturreko gertakarien leporatzea
  • Berotegi-efektua
  • Klima aldaketari buruzko kontsentsu zientifikoa
Iturriak
Historia
  • Zientzia klimatikoaren historia
  • Politika klimatikoaren historia
  • Svante Arrhenius
  • Eunice Newton Foote
  • James Hansen
  • Charles David Keeling
  • Nazio Batuen konferentziak
  • Urteak klima aldaketan
    • 2019
    • 2020
    • 2021
    • 2022
    • 2023
    • 2024
Fisikoak
Flora eta fauna
  • Biomak
  • Ekosistemak
    • Masa heriotza gertakari
  • Espezie inbaditzaileak
  • Landare bioaniztasuna
  • Itsasoko bizia
  • Hegaztiak
  • Klima aldaketaren ondorioz iraungitzeko arriskua
  • Basogabetze gradual
Soziala eta ekonomikoa
  • Nekazaritza
    • Abeltzaintza
  • Hiriak
  • Zibilizazioaren kolapsoa
  • Umeak
  • Desgaitasuna
  • Inpaktu ekonomikoa
  • Arrantzategiak
  • Generoa
  • Osasuna
  • Giza eskubideak
  • Jatorrizko herriak
  • Uharte-nazioak
  • Migrazioa
  • Pobrezia
  • Segurtasuna eta gatazkak
  • Uholde urbano
  • Ur-eskasia
  • Ur-segurtasuna
Herrialdearen eta eskualdearen arabera
  • Afrika
  • Amerika
  • Antarktikan
  • Artikoa
  • Asia
  • Australia
  • Karibea
  • Europa
  • Euskal Herria
  • Hegoaldeko Asia
  • Karibea
  • herrialdearen arabera
Ekonomia eta finantzak
  • Karbono-aurrekontu
  • Karbono-kreditu
  • Karbono-neutraltasun
    • Gold Standard
  • Karbono isurketen prezioa
  • Karbono-zerga
  • Zor klimatiko
  • Arrisku klimatikoen aseguru
  • Finantza klimatikoak
  • Klima aldaketa arintzearen onura partekatuak
  • Erregai fosilen desinbertsio
  • Arintzearen ekonomia
  • Karbono isurketen salerosketa
  • Green Climate Fund
  • Karbono baxuko ekonomia
Energia
Karbono hustubideak hobetzea
  • Karbono urdin
  • Karbono dioxidoa kentzea
    • Karbono-bahiketa
    • Airearen harrapaketa zuzen
  • Karbonoaren laborantza
  • Nekazaritza klimatikoki adimentsu
  • Basogintza (basotze, baso-sarzte, REDD eta REDD+)
  • Lurraren erabilera, lurraren erabilera aldaketa eta basogintza (LULUCF eta AFOLU)
  • Naturan oinarritutako soluzioak
Norbanakoak
  • Klima aldaketaren aurkako norbanako ekintza
    • Landareetan oinarritutako dieta
Gizartea eta moldatzea
Gizartea
moldatzea
  • Moldatzeko gaitasun
  • Zaurgarritasuna
  • Erresilientzia
  • Arrisku klimatiko
  • Ekosisteman oinarritutako moldatze
  • Hondamendi arriskuak gutxitze
  • Uholdeen kontrol
  • Galerak eta kalteak
  • Atzera-egite planifikatu
  • Naturan oinarritutako soluzioak
  • The Adaptation Fund
  • National Adaptation Programme of Action
Komunikazioa
  • Hezkuntza-klimatiko
  • Espiral klimatiko
  • Herri kulturan
    • artea
    • fikzio klimatiko
  • Klima Aldaketaren Aurreko Betetze Indizea
  • Krisi klimatiko
  • Komunikabideak
  • Berotzearen zerrenda-grafikoa
Nazioarteko akordioak
Oinarriak eta teoria
Neurketa
  • Lurrazaleko tenperatura global
  • Tenperaturen erregistro instrumentala
  • Indikatzaile paleoklimatko
  • Satelite bidezko neurketa
Teoria
Ikerketa eta modelatzea
  • Zerrenda-motako artikulua Glosategia
  • Kategoria Kategoria